Arima askatzen duten korapiloak lotzen hasi baino lehenago, bidea erraztu eta emaitza hobetuko dizuten hainbat gauza kontuan edukitzea garrantzitsua da:

1) Zailtasun maila


Eredu batekin nahiz zure kabuz lan egingo baduzu ere, lanaren zailtasun maila kakorratz-lanean duzun trebetasunaren arabera aukeratzeaz gain, momentu horretan dituzun beharrak kotuan hartzea gomendatzen dizut.
Adibidez, hadi mantendu eta adore emango dizun erronka behar izanez gero, ongizate-zonatik aterako zaituen proiektu bat izango da egokien. Lortzen duzunean sentituko duzun bultzada izugarrizkoa izango da! Aitzitik, adigabe bazabiltza eta eskuak ekintzan mantentzea behar baduzu, apur bat erlaxatzea gehiegi pentsatu gabe, nik “meditazio modua” deitzen dudana, puntuak kontatzea eskatzen ez duen eta ondo ezagutzen dituzun puntadak dituen proiektu xinple bat dagokizu. Beheraldian edo “bajoian” bazaude, proiektu erraz eta azkarra izango litzateke aproposa, trapilo ala artile potoloekin, adibidez, berahala amaituko duzu eta momentuari buelta emateko behar duzun poza edo gogobetetasun dosia emango dizu.

2) Material egokia
Zure proiektuarentzat material egokia aukeratzea oinarrizkoa da. Gaur egun merkatuan kakorratz-lanean aritzeko hamaika mota ezberdin dituzu eskuragarri.

Jantzia egiteko asmoa baduzu, erabilera urtaroak gidatuko zaitu. Horrela, negurako merino artileak, alpaka, cashmere,… eta horrelako material bero, goxo eta leunak dituzu. Udarak, ordea, leun izateaz gain, material fresko eta arinagoak eskatzen dizkigu, hala nola, kotoia, zeta, banbua,…
Osagarriak egiteko orduan, aldiz, pisua, testura, trinkotasuna ere kontutan edukiko ditugu. Hamaika material ezberdin dituzu aukeran. Lehengo asteko artikuluan trapiloaz aritu nintzen, eta horretaz aparte, kotoi soka, rafia, “maxi-cotton”a, XXL merino artilea, etab. mantak, alfonbrak, poltsak, motxilak, kuxinak, saskiak bezalakoak egiteko aproposak dira.
Ezaugarri hauetaz gain, kontuan eduki itzazu lodiera, pisua, gogortasuna, elastizitatea, testura, jausia… bilatzen duzunari hobekien erantzun diezaion.
¡Ah! Eta ziurtatu zaitez beharko duzun material adina edukitzeaz. Horretarako etiketan datorren informazioa erabili dezakezu erreferentzia gisa.

3) Kakorratz aproposa

Kakorratza aukeratzeko orduan, lehenik etiketan gomendatzen den neurria aintzat hartuko dugu. Neurri horretatik abiatuz, gure kakorratzaren neurria haundituko dugu gure korapiloak aske, lasaiak nahi baditugu. Gure lana estu eta itxia gelditzea bilatzen badugu, ordea, kakorratza finagoa aukeratuko dugu. Ez baduzu batere argi, froga ezazu karratutxo batekin gustoko duzun emaitza lortu arte.

Bestalde, kakorratzaren materialari dagokionez, honen aukeraketa oso pertsonala da, baina orokorrean hartuta, kakorratz potolo (9mm edo gehiago) bat erabili behar badezu, zenbat eta arinagoa bada, hobe: metakrilato ala banbua oso ondo daude. Erabiliko dugun kakorratza oso fina (3mm edo gutxiago) bada, kirtena badu kakorratza ez da tolestuko, heltzea erraztuko dizu eta behatzen gogortzea ekidituko du.

4) Neurria

Neurri zehatz bat lortzeko zenbat katetxo eta zenbat lerro egin behar dituzun jakiteko, etiketan datozen gomendioak haintzat har ditzakezu. Edo, askoz ere hobeto, aukeratutako kakorratza erabiliz 10 katetxo eta 10 lerrodun karratutxoa egin dezakezu. Hemendik lortzen dituzun neurriak eta hiruko erregela xinplea erabiliz, zehazki jakingo duzu.

5) Neurriak

Jantzi bat egiteko orduan, ereduak ez badu neurri aldaketarik adierazten, har itzazu jantzia erabiliko duenaren neurria eta eredua moldatu ezazu hasi baino lehenago. Horrela, azken orduko ezustekorik ez duzu izango 😉

Amaitzeko, gogokoen duzun txokoan eroso eser zaitez, piztu ezazu zure musika, entzuteko liburua, pelikula edo seriea, daukazun argia aski dela ziurtatu ezazu, kakorratza eta artilea hartu… eta has daitezela zure eskuak dantzan.

“Lotutako korapilo bakoitzeko, ariman, beste bat askatzen duzu”

Lalocadelacasa

Mila esker hor egotegatik.

Gogora ezazu “etxeko eroa” (La loca de la casa), irudimena, jolasean jartzea!

Egun zoragarria izan dezazula opa dizut eta animo asko kuarentena garai honetarako!

Oihana
Lalocadelacasa